Taldea

Landabasoko umeen hezkuntza prozesua aurrera eramaten duten bidelagunak.

ADRIAN

Itunpeko eskola batzuetan 5 urte inguru egon ostean eta nahiz eta nire saioei kutxu propio bat emateko aukera izan, eskola konbentzionalaren estrukturen mugekin aurkitu eta nire klaseko esparru txiki horretan egin ahal nuena ez ninduenez asetzen, beste eskola mota batean amesten hasi nintzen.

2015ean nire lagun ziren Ane eta Egoirekin batu eta elkarrekin eskola alternatibo baten sorkuntzan amesten hasi ginen. PESTA (Rebeca eta Mauricio Wild) bezalako eskola batean pentsatzen genuen. Amets horiek gauzatzeko nahian astero bilera formal bat antolatu genuen eta eskola hipotetiko hori eraikitzen hasi ginen. Hilabete batzuk pasata eta Ane Mara-Marako bidelaguna zenez, proiektu horretako pedagogia taldetik guk nahi genuen eskola errealitate bihurtzeko lan talde bat osatu eta horretan parte hartzeko eskaintza jaso genuen.

Momentu horretatik oso arin pasatu zen dena, hilabete batzuk topera, Langile Kooperatiba sortu eta 2016an Landabaso Eskola Aktiboa sortu genuen. Ziortza, Ane, Egoi eta laurok egon ginen bidelagun moduan 1go ikasturte berezi eta hunkigarri horretan. Urtea pasa eta eskola umez eta familiaz bete zen eta bidelagun gehiago behar ziren. Hor Andoni, Miren, Oskar eta azkenik Amandarekin batera ondo elkar ulertzen den talde pedagogiko sendoa osatzen dugu.

Zazpi ikasturte hauetan eskolan bertan bizi izandakoak, egindako formakuntzak, irakurritako liburuak, lagunekin izandako solasaldiak eta aita izateak, besteak beste… pertsonen hazkuntza eta hezkuntzaren inguru ikaskuntza eta ezagutza sakonak ekarri dizkidate eta Landabaso Eskola Aktiboan egoteak jakintza hauek praktikan jartzea ahalbidetzen dit. Komunitate honetatik pasatzen diren bidelagun, haur eta familiekin partekatzeak betetzen nau. Bide honetan asko ikasi eta ondorioz eboluzionatu dut  eta gehiago ikasteko eta aportatzeko ere gogoekin nago.

Espero dut Landabaso Eskola Aktiboa bezalako proiektuek gizarte mailan ere oihartzuna izatea. Alde batetik, ahalik eta pertsona gehien haurren garapenean eta hauei eskaintzen zaien tratu eta harremanetan sakontzeko eta bestetik Hezkuntza Publikoan aldaketak egiteko bultzada izan dezaten.

AMANDA

Txikitatik argi izan dut hezkuntzan lan egin nahi nuela eta 2010ean hasita, esperientzia desberdinak bizitzeko aukera izan ditut. Hau oso lagungarria izan da nire ibilbidea sortzeko eta benetan sinesten dudan metodologian lan egin ahal izateko.

Ikastola baten, haurtzaindegi baten eta eskola publikoetan lan egin ondoren, 2019an hezkuntza aktiboan lan egiteko aukera izan nuen, Landabaso Eskola Aktiboan konkretuki.

Aurreko lanetan, ez nintzen benetan pozik sentitzen. Umeen ikaskuntza prozesua desberdinak dira eta oso zaila egiten zitzaidan bakoitzaren erritmoa eta espazioa errespetatzea, daukagun hezkuntza sistema kontuan hartuta. Hori dela eta, ikasteko desikastea izan da nire bidea, eta horretarako hezkuntza sortzaile inguruko formakuntza jasotzen hasi nintzen Diraya expresión-en.

Landabaso Eskola Aktiboan desberdina izan zen, bertan umeek haien gaitasunak erabat garatu ditzaketen espazio prestatu baten nengoela sentitu nuen, errespetua oinarritzat hartuta. Ondoren, hondar eskola batean egon nintzen eta 2022an Landabaso Eskola Aktibora bueltatu baino lehen, naturaz inguratutako eskola aktibo txiki bat sortu nuen. Erronka handia izan zen eta oso garrantzitsua nire ikaskuntza prozesuan.

ANDONI

13 urte eman nituen
Euskal eskola publikoan
aldaketak egiteko
nengoen ni lanean.
Ezina sentitu nuen
momentu batean
ta Landabaso agertu zen
nire bizitzaren bidean.

Aukera eman zidaten
guzti hau bizitzeko,
eta hitz argi batzuk
ditut nik esateko:
pasioa behar dugu
jakintza bereganatzeko
Eta maitasuna ematen dugu
guzti hau bermatzeko.

Eskerrik asko lan taldeari
nire altxor bat izateagatik
Eskerrik asko familiak
zuen konfidantzagatik
Eta eskerrei bukaera
eman aurretik
Eskerrik asko Landabaso
existitzeagatik

ANE

Txikia nintzenean eta jendeak nagusitan zer izango ote nintzen galdetzen zidanean, “arkeologo!” erantzuten nuen. Lur azpian altxor berriak aurkitzea… hau abentura! Baina denboraren poderioz ideia hori ez zen mamitzen amaitu eta Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen.

Laster konturatu nintzen mundu hura ez zetorrela bat nirekin, eta hainbat esperientzia polit izan ondoren, Irakasle eskolan matrikulatzea erabaki nuen. Urte horietan irakasle handi batengandik asko ikasteko zortea izan nuen, eta hari esker ulertu nuen zainketen balioa. Pikleriarren begiradan murgildu nintzen eta gero Budapesteko Loczy Institutuan egonaldi batzuk egin ahal izan nituen.

Irakasle ikasketak amaitu ondoren, bidaia luze bat egin nuen, bizitzeko eta hazteko beste modu batzuk ezagutzeko aukera eman zidana, eta horrek guztiak lagundu zidan eskola bat sortzen, pertsonek beren ikasketaz gozatzeko aukera izan zezaten, maitasunez eta errespetuz lagunduta. Hezkuntza Autodidaktikoaren (NEC Fundazioa) prestakuntzak ordura arte abstraktuagoak ziren ideiak hobeto ulertzen lagundu zidan. Eta talde zoragarri bati esker, 2016an Landabaso Eskola Aktiboaren ateak ireki ahal izan genituen. (Hori bai izan zela abentura!)

Urte hauetan ikaskuntza etengabea izan da. Askotan erronka handia aurre egin beharrarekin  baina, aldi berean, oso atsegina. Zuhaizten Autodidaktak eskainitako formazio eta elkarrizketa talde ezberdinek nire egiteko modua asko aberastu duten garapen prozesuei buruzko begirada bat erakutsi didate.

Aspalditik ez nauzue eskolan asko ikusiko, amatasunak oraina bizitzeko beste modu bat ekarri didalako, baina nire bihotzaren zati bat han dago oraindik.

MIREN

Hezkuntza-sisteman urte batzuk eman ondoren, amatasunak eraldaketa-etapa batera narama, bai maila pertsonalean, bai profesionalean. Bide horretan jarraitzen dut ordutik, etengabeko bilaketa eta ikaskuntzan, eta nire lanean txertatzen ari naiz, abentura liluragarri bat bihurtuz.

Hezkuntzaren arloan, 2008an Xixupika proiektua sortu nuen, urte batzuetan zehar  zuzentzen dudan jolas libreko eta ikaskuntza autonomoko gunea. Hortik proiektu berri bat hasi zen, Garrastatsuenea, hainbat familiarekin batera Okendo herrian aurrera eraman genuena.

Denbora horretan, Dirayako Hezkuntza Sortzailearekin harremanetan jarri nintzen, bi urtez Nec Fundazioaren Hezkuntza autodidakta prestakuntza egin nuen, eta hezkuntza aktiboa sakonago ezagutu nuen. 2017tik Landabaso Eskola Aktiboan  talde pedagogikoko kide naiz.

2014. urtean, komunikazioaren esparruarekin harremanetan jarri nintzen, eta Thomas Gordon ereduaren prestakuntza egin nuen. Carl Rogersen psikologia humanistan oinarritutako “komunikazio eta gatazken trataera” eredu bat da. Irakasle gisa trebatzen naiz eta  familiekin, irakasleekin, helduekin eta nerabeekin lan egiteko, eta urte batzuetan komunikazio-tailerrak egiten aritzen naiz.

Beti haratago joateko eta erantzunak aurkitzeko dudan egonezinagatik, besteak beste, Marshall Rosenberg (indarkeriarik gabeko komunikazioa), Claude Steiner eta Virginia Satir-en lana ezagutzera eramaten nau. Horrela, gurasoentzako komunikazio-programa propioa sortu nuen: “Familian komunikatzeko artea”, gaur egun familiekin kontsultan eta tailerretan bakarka egiten dudan lana.

Nire lan pertsonalaren ondorioz, Psikologia Gestalten urtebeteko prestakuntza jasotzea erabaki nuen, eta  horren ondoren, helduen taldeekin hazkunde pertsonalaren esparruan lan egiten hasi nintzen. Etapa horretan ezagutu nuen, modu autodidaktikoan, Loretta Cornejo psikologo gestaltikoaren lana. Bere lanak, Violet Oaklanderrekin batera, baliabide batzuk ematen dizkit, eta horiek sartzen ditut haur-terapeuta gisa egiten dudan lanean.

Virginia Axlinek joko-terapian egindako lanak nire bidea markatzen du berriro, oinarri komun bat aurkitzen baitu nire hezkuntza-ibilbiderako eta haurrei laguntzeko. Sandplay Terapiako prestakuntza (Carl Jung-en esparru teorikoan oinarritutako hareazko kutxako terapia), Joaquín Blix psikoterapeuta eta Espainiako Joko Terapiako Elkarteko presidentearekin egina, une honetan funtsezko pieza da nire terapia-lanean.

Gaur egun, Landabaso Eskola Aktibokoan egiten dut lan eta  terapiarekin uztartzen dut,  aldi berean, noizean behin hitzaldiak eta tailerrak egiten ditut.

OSKAR

34 urte nituenean nire semea jaio zen eta konturatu nintzen nire bizitza osoa eskolan eman nuela haur, gazte zein heldu.

Momentu horretan nire semeari osasuntsu hazteko ingurune bat,  bere dohain naturalak erakusteko aukera eman diezaiokeena eskaintzeko gogoa sortu zitzaidan.  Berarentzat, niretzat eta gozatu nahi duen edonorentzat espazio hori sortzeko egonezina eduki nuen.

Motibazio honek joan etorri mugimendu bat sortu zuen, non hazkuntza espazioak eta ikastetxeak ezagutu, parte hartu eta elkarrekin sortu ahal izan nituen, hala nola Bizkaiko Landabaso Eskola Aktiboa eta Mara-Mara Txiki; Bartzelonako Espai Overt La Serra eta Col•legi CreaNova Bartzelonan.

Orain Landabaso Eskola Aktiboaren 7. ikasturtea hasten ari garela, sendotutako proiektu batez gozatu ahal izateaz pozik nago, lan talde egonkor batekin eta haurrek eta helduek eskolara joateaz gozatzen duten  errealitatea sortzen.

ZIORTZA

Ziortza naiz, eta beste gauza batzuen artean Landabaso Eskola Aktiboko familiaren, komunitatearen parte naiz. Zelan heldu nintzen hona? Nire bidearen zatitxo bat zuekin partekatuko dot.

Psikologia ikasi ostean eta Euskal Herriko Unibersitatean Zeinu Hizkuntza Interprete bezala lanean nengoela sortu zen nire gogoa Hezkuntza mundura hurbiltzeko. Bertan ikasi eta praktikak egin ondoren konturatu nintzen eskoletan egiteko modua ez zela nire garaitik asko aldatu, eta teorian unibertsitatean ikasten nuena gero ez zela geletan ematen. Horrek asko mugitu ninduen, (gainera) garai horretan nire lehen semea jaio zen, eta gauza bi haiek nire buruan “klik” bat eragin zuten. Pentsatzen hasi nintzen gauzak beste modu batez egin ahal zirela, egin behar zirela. Agustin de Hiponak esan zuen moduan “Esperantzak bi alaba eder ditu: haserrea eta adorea. Haserrea gauzak dauden moduan ikusteko, eta adorea aldatu ahal izateko”.

Metodologia ezberdinak ikertzen eta ikasten hasi nintzen, umeen erritmoak, nahiak eta beraien izatea errespetatzen dituzten hainbat espazio ezagutu nituen, haien artean Mara-Mara Hazkuntza eta familientzako gunea. Bertan  Auria Diharce ezagutu nuen, laguna eta bizitza kidea, berarekin egindako hainbat solasaldi, hausnarketa, ideia, egiteko moduak eta ametsak partekatu ondoren, nire erosotasun  gunea alde batera uzteko indarra eta konfiantza hartu nituen.  Unibertsitatea utzi eta Mara-Mara espaziora hurbildu nintzen, beraien egiteko modua behatu eta barneratzeko lehenengo, bidelagun moduan lan egiteko beranduago. Hor hasi zen benetan nire barneko aldaketa, hazkuntza eta hezkuntza sentitzeko beste modu bat, beste eskola bat posiblea zela benetan sinisten hasi nintzen, eta apurka-apurka amets hori egia bihurtzen hasi zen.

Momentu horretan Ane ere Mara-Maran hasi zen lanean, sintonia berean mugitzen ginen. Bera, eta bere lagunak, Adrian eta Egoi, hezkuntzarako beste  ikuspegi batzuk zituzten ere, eta gure proposamenak eta ilusioak partekatzen hasi ginen. Momentu batean gure indarrak eta energiak batzea erabaki genuen, eta bilera,  hausnarketa, lan handi ondoren Landabaso Eskola Aktiboa egi bihurtu zen.

Eta hemen jarraitzen dugu harrezkero. Hasierako ume eta familia askok jarraitzen dute proiektuan, eta urte hauetan ume, familia eta bidelagun gehiago sartu dira Landabasoko komunitate honetara, Andoni, Miren, Oskar eta Amanda. Pertsonek sorten dugu Landabaso, eta gizaki parebako garen heinean, bakoitzak bere esentzia ekarri eta eskaintzen dio eskolari, hori da nire iritziz proiektua aberasten duena.

Egunero eskolara natorrenean zorte handia dudala sentitzen dut, hemen eta orain egon nahi dudan lekuan, lagun eta familia artean nagoelako. Umeekin egunero konpartitutako momentuak, beraien bizitza prozesuetan parte hartu ahal izatea eta beraiengatik jasotzen dudan maitasunak, eskola txiki bat aurrera ateratzeko eskatzen duen esfortzuak, guztiz merezi du. Beraiei esker naiz, orain naizena, plazer bat Landabaso Eskola Aktiboko parte izatea!